Edukira joan

Hitza.info

herri informazioaren leihoa
2009ko uztailak 4, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Ramon Etxezarreta

Ramon Etxezarreta

PSE-EEko kidea

2008-10-14 - 17:00

'Euskara askatasunez' izeneko proposamena aurkeztu du PSE-EEk, "kultura euskaldun, moderno eta askotarikoa" garatzeko asmoa duela iragarriz. Aurkeztu orduko zeresana eman duen proposamenari buruz irakurleek egindako galderak erantzun zituen Ramon Etxezarretak (Urrestilla, 1954) urriaren 14an.

Erantzundako galderak:

1

G. Euskarak "nazionalismo biolentoarekin loturak hausteko" beharra azpimarratu duzue. Ezker abertzalea, nire ustez, historikoki eta gaur egun euskararen munduan herri sektorerik dinamikoena izan da (ikastoletan, sindikalgintzan, lan munduan, kulturgintzan, politikagintzan...). Ez zarete kontziente ezker abertzalea isolatuz euskarari min egiten zaiola? Iker

E. Ez dago zalantzarik, euskarari kendu egin behar zaio nazionalismo biolentoak eman diezaiokeen konnotazio edo tankera oro. Beste kontu bat da sektorerik dinamikoenaren hori. Arrazoi duzu, ezker abertzalea izan da dinamikoena euskara kontuetan, eta kontsekuenteena bere predikuetan (ez zuk diozun sektore guztietan baina). Hain izan da dinamikoa non nazionalismo kontserbadorea, eta berekin instituzioak, defentsibara jarri izan direla eta euskararekiko gai guztiak, salbu eta ETBren inguruko etekin ekonomikodun jardunak, delegatu egin dituela, ondorioz bera diskurtso propiorik gabe gelditu da, gure segidismoarekin. Biolentzia da isolatu nahi dena, ez ezker abertzalea. Ezkerra, nahiz eta abertzalea, abertzalea, nahiz eta ezkerra, solaskide politikoak behar dute izan. Biolentziak ezker abertzalea irensten badu, malo. Zoritxarrez ia-ian dago.

2

G. Kaixo, Ramon. Zer esan nahi zenuten "prestigio demokratikoa berreskuratzeko" zera horrekin? Euskaraz egindako kulturak ez al du "prestigio demokratikorik"? Izan al dezake kultura batek, edozeinek, "prestigio demokratikoa" bezalako zerbait? Aitor dut kontu horrek pixka bat harritu nauela... Iban Zaldua

E. Prestigioa inoiz ez dela behar adina edukitzen esango nuke. Euskal herritar gutxienen hizkuntza izanik, eta bera gabe bizi den eta bera gabe bizitzea erosoago litzaiokeen gehiengoaren atxikimendua irabaziz bakarrik egin dezake aurrera euskararenak edo, hobeto esateko, euskal hiztunonak. Txikiak eta ahulak, herritarren borondatea denean arau nagusia, prestigioa irabazi beste erremediorik ez dago handiaren eta indartsuaren parean nor izateko. Prestigio demokratikoa da euskararen izenean, euskararentzat, euskaragatik, euskararentzako egin daitekeen edozein proposamen edo ekintzak tatxarik ez izatea, legitimitate aski izatea inork ez eztabaidatu edo auzitan jartzeko. Franco hil ostean bazuen euskarak prestigio hori, horregatik lortu ziren lortu ziren kontsentsu mailak. Gaur edozeinek kuestionatzen du edozer, eta ez beti arrazoiz, eta edozeinek proposatzen du edozer. Zoritxarrez euskaraz egiten diren kultura askotxok ez dute prestigio demokratikorik, ez duten bezala gazteleraz edo frantsesez egindako askoz gehiagok, baina eurek ez daukate, oraingoz, inor konbentzitu beharrik beren biziraupena bermatzeko, guk bai. Prestigio demokratikoa da, Iban, zuk eskolan euskaraz galdetzen duzunean zein den ikasleek azkena erosi duten diskoa, eta batek, euskaraz noski, La Oreja de Van Goghena, erantzuten duenean, eskolan irakaslearen azpi edo bazter oharrik behar duen prepotentziazko erreakzio hilaranterik ez egotea. Edo talde honetako bakarlaria ETBn agertzen denean ez egotea platoan inor “Ba... ez dizu pegatzen euskaraz jakiteak” esango dion barrendunik. Edo neu Euskadi Irratiko solaskideren batek “ustezko euskaltzaletzat” hartzea edo kalean, euskaraz bilakatu den ikuskizunen bati buruzko ohar kritikoren bat adierazi edo galdera ez oso errezen bat edo beste eginez gero, esplikazioak emate hasieran, neuri “que conste que yo creo en tu vasquidad” edo gisakoak esanaz zuzentzea. Agian desprestigiorik eza da prestigioa.

3

G. Kaixo, Ramon. PSE-EEk aurkeztu duen hizkuntza politika berriarekin, euskaldun bezala askatasunean bizi ahal izango al naiz Donostian bertan? Gaur egun ukatzen zaidan guztia (euskaraz hitz egin ahal izatea trafiko ordezkaritzan, epaitegian, pasaportea egiterakoan, eta abar) askatasunean normal egin ahal izango al dut euskaraz? Aldez aurretik, mila esker erantzunagatik. Mikel (Donostia)

E. Zure askatasunak, hizkuntza aukerari bagagozkio, bi heren erdaldun eta heren bat euskaldun den gizarteak eskaini diezazukeen askatasuna izango duela neurri iruditzen zait, nireak bezala. Donostian proportzioak zure alderago joko du eta administrazioari bagagozkio, logikaz, aukera gehiago izango duzu, ia aukera osoa edukitzeraino zenbait kasutan. PSE-EEk hizkuntza politikarako neurriak ezar ditzake, ez hain berriak, baina gizartea eta herritarren tasunak ezin dira supituki dekretuz aldatu.

4

G. Zer esan nahi du "euskarazko kultura bat guztiz demokratikoa" bultzatu behar dela? Espainiakoa edo Frantziakoa demokratikoagoa al da? Iñigo

E. Prestigio demokratikoaz esan dudanarekin esana dagoela uste dut. Euskarazko kulturak demokratikoa izan behar duela esaten denean, demokratikoa izan behar duela esan nahi da eta euskararen inguruan badagoela proposamen ez demokratikoen arriskua. Biolentzia armatua, adibidez, edo ETA, etsenplu bat jartze aldera.

5

G. Politika euskaltzalea gaur egungo euskal gizartearen elebitasunean oinarrituta egongo dela dio manifestuak. Agian arazoa izan daiteke gaur egungo euskal gizartea elebiduna ez dela? Iñigo

E. Gaur egungo gizartea elebiduna da, bere baitan hizkuntza bat edo bestea erabiltzen duen herritarrak dauden neurrian. Neurri hori ez ahaztea da manifestuaren oinarrietako bat.

6

G. "Gehiegitan jasan dugu euskal gizarteak dituen hizkuntzekiko erabilera politizatu eta gehiegikeria politikoez jositako giroa." Euskaldunon Egunkariaren aurkako epaiketa hastear dago, nire ustez gehiegikeri politiko argia. Aurreko esaldian eraso honetaz ere pentsatzen ari zen alderdi sozialista? Iñigo

E. “Hizkuntzak” dio, eta ez “euskara” edo “hizkuntza”. Plurala neuk eskatu nuen eta ez zitzaidan ahazten Egunkariaren auzia.

7

G. zuzenean esaten duzuena baino gehiago, zeharka iradokitzen duzuenak kezkatzen nau, hau da, ez dagoela kultura euskaldun modernorik, ez dagoela ETAren totalitarismotik at dagoen euskal kulturarik, ez euskaltzale askotarikorik, ez eta prestigio demokratikodun (¿?) euskal-kulturarik. hori guztia sortzeke balitz bezala, exitituko ez balitz bezala jokatu duzue, eta horrek lehendik nuen ideia batera narama: manifestuak autokritikarako lekua (handia) behar zuen. adeitasunez, derzu

E. Horrelako adeitasunak... ez daitezela asko izan. Zuzenean esandakoari egiozu kaso, arren, ez dago zeharkako iradokizunik. Ba ez, autokritikarik ez dago manifestuan, arrazoi duzu eta behar handia daukagu. Hutsegite bat agian. Oraingoz arrisku hurbilekorik ez baldin badago ere, inork ez dezala nahastu autokritika autoflagelazio edo autoinmolazioarekin.

8

G. Patxi Lopezen ekitaldian, haren ondoan izan ze Donostiako alkatea. Zure aurkezpenean aldarrikatu zenuen, gutxi gorabehera, Donostia dela munduan euskararen garapenaren alde aurrekontu handiena duen hiria. Zer esan nahi du horrek, sozialistak Jaurlaritzaren buru izanez gero, Donostiako Udalaren hizkuntza politika izan daitekeela eredu? Txontor

E. Ez dira euskal herrietako euskararen errealitate guztiak Donostia, baina bai, hobe daitezkeenak hobetuz balio dezakeela gisako sentsibilitateak esango nuke

9

G. Kaixo ramon: zure ustez euskara euskal herri osoan(7 probintziak) ofiziala izate,euskararentzako normalizazio pauso bat izango zela uste ahal duzu? bizkaitar

E. Beharko luke hala izan, zazpi lurraldetarako aplikazioa berdina izango ez balitz ere. Baina erabilera administratiboak baino gehiago kezkatzen nau herritarren gogoz egindako gizarte erabilerak. Balio askoz handiagoa luke eta bizia emango liguke euskarari eta hiztunoi.

10

G. aupa, ez al zaizu pixka bat kontrajarria iruditzen pse-k euskararen proposamen aurkeztea eta gero praktikan nere herrian gertatzen den bezala,pse-k agintzen duen udalak euskararentzako aurrekontuak bajatzea? kontuan hartu ainera basauri ez dela oso herri euskalduna(vascoparlante nahi det esan) jon basauri

E. Kontrajarria den ez dakit. Egia da PSE-EEko sentsibilitate guztiak ez garela berdinak ez dugula berdin bizi ere esku artean daukagun auzia. Dena den gure gizartean muntatu dugun istiluarekin, harri harri eginda nago oraindik!, gure alderdiko zenbait jenderi euskararen txipa aktibatzeko balio izan duela iruditzen zait. Kezkatzekoa izan daiteke Basauriko aurrekontuetan behera egiteak euskararen gastuak, kezkatzekoagoa oraindik diru horiek, eta besteak, desegoki gastatzeak. Gertatu izan zait neuri geure udal aurrekontuetan diru gehiago egotea lortu eta euskarari txanpon eta sos guztiak kendu dizkiodala lau haizetara zabaldurik bizi izatea. Haizeak bala hotsa izaten zuen.

11

G. Honela dio zuen manifestuak: "proposatzen dugu enplegu publikorako sarbideak euskal gizartearen izaera anitz eta elebiduna islatu behar duela, hizkuntzaren gaiak ezin dituela euskal hiritarren aukera pertsonalak modu erabakigarrian baldintzatu". Zer esan nahi duzue? Egun enplegu publikoan eskatzen diren hizkuntza perfilek "hiritarren aukera pertsonalak" murrizten dituztela? Aukera pertsonala al da hiritarrak Osakidetzan edo Ertzaintzan euskaraz ezin aritzea? Donostiako Asier

E. Hizkuntza eskakizunak batzuetan gehiegikeriaz ezarri izan dira, eta batzuetan diot, badaezpadaere, eta zenbaitetan hizkuntzarekin zer ikusirik ez duten komenientzietarako gainera. Ezinak inoiz ez dira aukera pertsonalak, euskaraz ez jakitea eta ezin hitz egina ere ezinak dira eta, nekez, laguntzak laguntza, aukera pertsonala.

12

G. "Euskara askatasunez" diozue. Primeran. Horrekin zer esan nahi duzue? Orain arte euskara inposatu egin al da bada? Manifestuan zergatik ez duzue hitz erdirik ere esaten euskararen galeraren arrazoiei buruz? Historian zehar Euskal Herrian gaztelania edo frantsesa inposatu al direla uste al duzu? Mikel

E. Demokratikotasunaz eta askatasunaz zertxobait esan dut arestian, euskara inposatua denik ere ez da esan, nahiz eta inposatu nahi duenik baden bat baino gehiago. Euskararen galera historikoaz hitz egiteko lekua ez zela manifestua iruditzen zait, nahiz eta galera hori ukaezina den, gehiago kezkatzen naute hala ere euskal hiztunen galerek. Gaztelania eta frantsesa herri honetako hizkuntzak izan dira, herri honetako herritar zenbaiten hizkuntzak, historikoki. Inposatuak? Esparru batzuetan eta zenbait sasoitan bai, inposatu dira.

13

G. Euskara askatasunean, euskara askatasunez, euskara eta libertadea (atzeko irudian). zergatik ahalako izenburu dantza? Xuxen

E. Geure kakaoa da hori., Euskaraz hitz egin, gazteleraz idatzi eta euskarara itzuli... halakoxeak gertatzen dira. Arestiar izan nahi genuen eta “libertadea” edo eibartar, eta “libertadia”.... “libratu” proposatzen zuen batek, eskatologiarekin nahasteko arriskua ikusi genion, enpatxurik ez... “askatasuna” gustatzen zaigun hitza da baina euskal politikan “independentzia” hitzari lotuegia eta erabiliegia, beraz, guk behar genuen lexiko politikorako... hain xuxen...

14

G. Bejondeizuela Ramon! Beti egon naiz sozialistek horrelako pauso garrantzitsu bat noiz emango irrikan. Datozen hauteskundeetan lehen indarra izanez gero, zein izango litzateke euskarari dagokionez hartuko zenuketen lehen neurria? Zorte on, eta eutsi horri. Hiri lekzio gutxi emango dizkik inork! Euskaldun sozialista

E. Ez dakit ba. Guri Patxi Lopezentzat oinarri batzuek ezartzea eskatu zaigu eta hala egin dugu. Nere esku balego lehen neurri hori zein izango litzatekeen proposatzea? Badaukat bat irrika pertsonal ikaragarria diodana eta EGA azterketen ingurukoa da. Batxilergoa D ereduan egin duten ikasleei EGA titulua batxilergoarekin batera ematea, azterketarik gabe. Ikasle horiei EGA azterketa egitea gure irakaskuntzak, zergatik ez dakit, isiltasun alarmante batean jasaten duen umilazioa da. Eman diezakizkidaten lezioei buruz zer esan?... Hori. Gutxi izan daitezela bai, gero eta ahalmen urriagoa baitaukat ezer ikasteko.

15

G. Kaixo, Ramon. EAJren hizkuntza politikarekin erabat etsita dagoen euskal herritar bat naiz, 30 urte eta gero euskaldunon hizkuntza eskubideak ez direlako bermatzen. Zentzu horretan, ideia ona iruditu zitzaidan euskaltzaleengana iristeko zuen asmoa, baina forma kontuetan erabat huts egin duzuela iruditu zait, esan dituzuenak esanda zaila baita sinesgarritasuna lortzea. Aurrerantzean, horri buelta emateko beste urratsik baduzue buruan? Mila esker. Maider [Donostia]

E. Euskaltzaleengana hurbiltzeko kontu hori prentsa titular bat izan zen, manifestua lantzen ari zen taldekoren batek emandako interpretazio okerren baten ondorio ziur aski. Manifestuak PSE-EEk hizkuntza politikei eta euskalgintzari buruz zuen posizio politikoa garbi adieraztea izan du helburu, ez inorenganako hurbiltze kosmetikoak egitea. PSE-EEko jendea kontzientea da alderdiak duen euskararekiko atxikimendu historiko urriaz, kontzientea den bezala PSE-EEren gobernu bati buruzko demagogia politikoak euskal herritarrengan eragiten duen euskararen etorkizunarekiko beldurraz. Publifikazio legean gertatu zen antzekorik, gaur esan dezala dakienak nork euskalduntzen duen ikasle etorkin gehiago Donostian, eskola publikoak, erdalduna izan behar zuela zioten hark, ala beste edozein eskola motak. Manifestuak demokrazian egin du azpimarra, hiztunen eskubideetan, ez hizkuntzenetan. Gizartearen hizkuntza errealitatea hartu nahi izan du kontuan, eta ez desideratum bat edo prosopopeia baten atributuak. Eta batik bat eta nagusiki, ez du inor engainatu nahi izan gezurrarekin edo demagogia merkearekin. Patxi Lopezi esan zaio ez gezurrak, ez itxurakeriak ez dutela balio. Berak dituen muga guztiekin egia borobila esan behar duela sinesgarri izateko eta “nork gehiago” lehiaketa eta lasterketetan ez garela sartuko, “nork hobeto” egin bada auzia gu joko arau horietan sartuko garela. Erdaldunez jositako alderdi batetik egiten da oinarrizko proposamen hau, gero eta euskaldun gehiago dago, gero eta euskaltzale gehiago dago proposamen hori kudeatzeko. Eta hau, esan nahi ez dutenek ere badakite.

16

G. Zer irudetzen zaizu "Euskal Herrian Euskaraz" taldeak egiten duen lana? Euskararen onuran lan egiten dutela uste duzu? Beraiekin hitz egiteko prest al zaudete? joxe

E. Kalterakoago iruditzen zait mesederako baino, ezagutzen dudan arte behintzat, nagusiki seinale ezabatzeaz eta beste hizkuntzetako testuak estaltzeaz ari naiz. EHE taldea hitz egiteko prest baldin badago hitz egin beharko litzatekeela iruditzen zait. Noiz hitzegin da kontua seinalea estali aurretik edo estali ondoren.

17

G. Kaixo Ramon. Orain arte zer-nolako balorazioa egiten duzue proposamena aurkeztu ondoren jasotako erantzunaz? Eskerrik asko. Mertxe [Donostia]

E. Hautsak behintzat majo harrotu direla. Euskarari buruz pentsatzen duguna esateko edozein herritarrek adina legitimitate dugula aldarrikatzen dugu. Ez dugu ulertzen abertzaletasuna, kontserbadorea eta bestea, zergatik jarri diren hain urduri. Zergatik nahi duten gurekiko, hankasartzeak hankasartze, erruak erru, hain eskergaiztoko giroa eragin. Abertzale ez direnek, hizkuntzarekiko atxikimendua areagotzea da kakoa, horretan ari gara. Euskarari buruz esan dugulako edo esan dugula esaten dutelako haserretzen direnek, ez dut dudarik egiten, euskara ni baino gehiago maite dute, ziur, baina ez dute nik hainbeste bizi. Euskarak maita ditzala! Eta... biziko dute.

18

G. Izango al zinateke Eusko Jaurlaritzako Euskara sailburu? Txomin

E. Ez dut asmorik. Goraintziak eta nire miresmena Patxi Baztarrikari, bihotzez. Aio!

19

G. Eskerrik asko, Ramon, www.hitza.info webgunearen gonbidapenari eta irakurleen galderei erantzuteagatik. hitza.info [administratzailea]

E.

Egindako elkarrizketak

Xabier Mikel Errekondo

Xabier Mikel Errekondo
Usurbilgo alkatea

2009-05-15

Iro Landaluze

Iro Landaluze
'Udazken loreak' saioaren aurkezlea

2008-12-04

Ramon Etxezarreta

Ramon Etxezarreta
PSE-EEko kidea

2008-10-14

Itziar Salegi

Itziar Salegi
Aromaterapia Etxeko zuzendaria eta irakaslea

2008-04-11

Eider Rodriguez

Eider Rodriguez
Idazlea

2008-03-26

© Bertako Hedabideak EM - Martin Ugalde Kultur Parkea, Gudarien Etorbidea z/g - 20140 - ANDOAIN (GIPUZKOA) - Tel.: 943 304339
Faxa: - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Bertako Hedabideak EM (EKT)